<%@LANGUAGE="VBSCRIPT"%> "> Final Chess Masters Bilbao 2008. Bilbo eta Grand Slam-a.

Bilbo eta Grand Slam-a

Bilbo: munduko xakearen  "Katedrala"

Plaza Nueva

Azken garaiotan Bilboren irudia ospe eta garrantzia handia hartzen joan da eliteko xakearen unibertsoan.  

1998 eta 2002 urte bitarteetan, Europako Open onena egin zen hemen, Bilbon, bai eta partida erdiazkarretako munduko hiru txapelketa onenetako bat ere, horietan guztietan 30 herrialde baino gehiagoko parte hartzaileak egon zirela. 2004 eta 2005ean, halaber, ordenagailuaren kontrako munduko xake txapelketa antolatu zen Bilbon, eta munduko lehen mailako xake-maisuak informatika programa onenen kontra aritu ziren. “Silizioa” aitzakiarik gabe garaitu zitzaion “karbonoari“: 8,5-3,5 2004. urtean, eta 8-4, 2005. urtean. Bilbok aspaldi utzi zion gai horren gainean eztabaidatzeari, eta gaur-gaurkoz, xake elkarteek onesten dute “makinek” gizakion aldean duten nagusitasuna.

2006. urtean, Topalov eta Polgar itsuka aritu ziren elkarren aurka Bilboko Guggenheim Museoan, eta begiak estilirik zituzten irudiak munduari bira eman zion. Kazetari adituen arabera, partidaren oihartzun mediatikoak historiako xake norgehiagoka handienen pareko jarri zuen Bilboko XVIII. Xake Jaialdi hura:  Spassky-Fischer, Kasparov-Karpov, eta Kasparov-“Deep Blue”. Topalovek 3,5 - 2,5, irabazi zuen, baina, batez ere, xakea irten zen garaile.

2007. urtean, Bilbok urrats bat gehiago eman zuen eta Itsukako Xakeko Munduko Kopa antolatu zuen estreinakoz. Txapelketa Bu Xiang-zhi txinatarrak irabazi zuen, Topalov, Polgar, Kariakin, Carlsen eta Harikrishna-ren aurka lehian aritu ostean. Orduan eratu zen Agora, eta bertan, iruzkinak zein elkarrizketak egiten ziren, gonbidatuak hartzen, eta partidak segitzeko pantaila erraldoiak eta arbel elektronikoak ikus zitezkeen. Munduko Kopak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, idatzizko prentsa, irrati eta telebista garrantzitsuenetan agertu baitzen. Are gehiago, Internet bidez milioi eta erdi pertsonek baino gehiago jarraitu zuten.  

Bilbotik nazioarteko xake-izar nabarmenenak pasa dira, munduko txapeldun asko, besteak beste, Spassky, Anand, Topalov, Ponomariov, Kasimyanov, Khalisman. Horri esker, Jaialdia irekiagoa, partizipatiboagoa, herrikoiagoa egin da. Milaka zale hurreratu dira ikuskizunaz gozatzera eta nabarmentzekoa da, era berean, Eskoletako Xake-Jaialdietan umeen parte hartzeak izan duen gorakada.

Aurton, irailaren 2tik 13ra, Grand Slam-eko Maisuen Lehen Finala egingo da Bilbon. Xakearen historian sekula egin den txapelketarik garrantzitsuenetako bat izango da, bai bertan parte hartuko duten jokalarien mailagatik bai sari poltsa izugarriagatik.

Lehenengo aldiz, gisa honetako ekitaldi bat kalean bertan gauzatuko da, Plaza Berrian, hain zuzen, Bilboko Alde Zaharreko bihotzean. Karpa batekin estalirik,  beirazko kutxa intsonorizatu eta klimatizatu baten barnean partidak jolastuko dituzte jokalariek. Kristalezko kutxaren alboan, Agora jarriko da, partiden iruzkinak eta analisiak egiteko lekua, ikusleek xake munduko Maisu Handien iruzkinekin  goza dezaten; horien artean, besteak beste, Boris Spassky eta Susan Polgar aipa ditzakegu. Agoraren arduradun nagusia Leontxo Garcia kazetaria izango da, eta Nicola Lococok kolaboratzaile lanetan jardungo du. Hainbat mahai eta aulki jarriko da, “terraza” baten antzean, jendeak partidak segi ditzan, azken buruan, txapelketa herritartatzea, dinamizatzea, zabaltzea eta parte hartzaileago bihurtzea da gure asmoa. Giro nasaia, oro har, txapelketaren gaineko tertulia eta eztabaidetan.

Agertoki ikusgarri honek xakearekin loturik dauden hainbat jarduera bilduko ditu egunero, eta adin tarte ezberdinentzat zuzendurik daude: “Bizkaiko Xake Federazioaren Nazioarteko I. Open-a; “Bilbo Hiria” partida azkarretako txapelketa; Xake-problemak Ebazteko Euskadiko IV. Txapelketa; Umeentzako jarduerak; Aditu-gunea eta Ekitaldi amaiera.

Iraileko lehen  hamabostaldian, Bilbo bost kontinenteetako begiraden  erdigune izango da.

Zinez, eginahal handia da esku artean dugun proiektu hau, eta berau gauzatzea ezinezkoa litzaiguke gure instituzio eta babesle pribatuen sostengua barik, Euskadiko zein Bizkaiko federazioen lankidetza eta milaka zaleon lan etengabea barik. Ilusio handia jarri dugu ekimen honetan, eta azkenean, lortu egin dugu, harriz, harri, blokez bloke, munduko xakearen “katedrala” eregitea.