%@LANGUAGE="VBSCRIPT"%> ">
Laugarren jardunaldian, Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzaren Kiroletako Zuzendariak egin du lehenengo jokaldia
Shirov eta Karjakinen arteko partidan, Shiroven orain arteko emaitzetatik errekuperatzeko aukera ona izan du pieza zuriekin Karjakinen aurka jokatutako partidan. Irekiera Espainiarreko Zaitsev bariantearen lehenengo jokaldien ostean, beltzak peoi bat sakrifikatu du iniziatiba lortzeko. Partidako momentu kritikoan Sergeik bere posizioa hobetzeko asko pentsatu du baina ez du ezer garbirik ikusi Azkenean berdinketara eraman duen bariante bat jokatu eta berdinketa sinatu dute 36 jokaldiren ondoren.
Sailkapenera begira interesgarriena izan zitekeen partidan, Aronian eta Grischuk, lehenengo itzuliko liderrak izan ditugu aurrez-aurre. Eslabiar defentsako Chebanenko bariantea jokatu dute beltzak erreginaren aldeko peoiak azkar-azkar aurreratu dituelarik. Hamargarren jokaldian, Aronianek pieza bat sakrifikatu hiru peoiren truke, harridura eragin duen berritasun bat izan delarik. Eraso eta kontraerasoko jokaldi batzuen ostean, posizioa sinplifikatu egin da zuriak peoi bat gehiago lortu duelarik eta baita aurkariaren erregea erasotzeko aukerak sortuz. Alexander denboraz larri ibili da eta horregatik ezin izan ditu aurkitu defentsarako jokaldi egokiak. Bere piezak berriz ere erasorako bilduz, aurkariaren erregearen aurkako iniziatiba ezinhobea lortu du Aronianek eta garaipena eta hiru puntuak bereganatu ditu.