%@LANGUAGE="VBSCRIPT"%> ">
Maisuen Finaleko gaurko jardunaldia goizean hasi da, Bilboko Udalean Iñaki Azkuna alkateak egindako harrera ekitaldiarekin. Lau Maisu Handiak bertan izan dira Luis Carnicero xakelari bilbotarrari egin zaion omenaldian ere parte hartu dutelarik. Bizkaiko eta Euskal Herriko xakeari Luisek egindako ekarpenak eskertzea izan da omenaldiaren helburua.
Luis Carnicero bera izan da gaurko bigarren txandako hasierako jokaldia egin duen jokalaria.
Aronian eta Karjakinen arteko partidan, Aronianek irekiera arriskutsua jokatu duela ikusi dugu, atzoko partida ahaztu nahian, nonbait. Levonek bere peoien egitura babes gabe utzi du, horren ordez bi alfil bi zaldiren aurka lortuz, horrela pieza zuriak izan dituen jokalariarentzat posizio abantailatsua lortuz. Partidak gogorra eta konplikatua izaten jarraitu du, Karijakinek akats bat egin eta Aronianek posizioa sinplifikatu duen arte horrela bere alfil zuria gazteluarekin batera aurkaria erasotzeko erabiliz. Jokaldi segida azkarrena erabili ez arren, Aronianek era dotorean lortu du garaipena.
Grischuk eta Shiroven arteko partidan, espainiarrak atzo Grischuken aurka Aronianek jokatu zituen jokaldiak errepikatu ditu, baina Alexander azkar irten da joku horretatik. Eslaviar defentsako Merano bariantea jokatu da partidan, Shirov espezialista delarik joku mota horretan. Piezak azkar aldatu ostean, pieza gutxiko posizio batera iritsi dira jokalariak, Grischukek erreginaren aldean peoi gehiago zuelarik. Shirovek ez du piezak aldatu beste biderik izan horrela Grischuken abantaila asko nabarmendu delarik pasatutako peoi bat lorutz. Shirov saiatu den arren, ezinezkoa izan zaio Grischuken peoia gelditzea eta galdu egin du partida lau ordu eta erdiko partidaren ostean.