%@LANGUAGE="VBSCRIPT"%> ">
Arratsalde bero eta eguzkitsu baten, txapelketa jokatzen ari diren lau maisu handiek, Bilboko alkate Iñaki Azkuna agurtu dute Plaza Berrian jarritako kristalezko urnan sartu aurretik. Azkuna bera izan da txapelketari hasiera eman diona, Grischuk eta Aronianen arteko partidan erlojua martxan jarriz.
Momentu horretatik aurrera, kanpoko bero eta zaratatik erabat isolatuta eta Faik Gasanov Nazioarteko Epailea bertan zutela, lau xakelariek igandeko partidak hasi dituzte, kanpoan 100 bat jokalarik Bilbo Hiria - Bizkaiko Xake Federakuntza II. Txapelketa jokatzen zuten artean
Karjakin eta Shiroven arteko partida berdinketan amaitu da Shirovek bere ohiko irekierak alde batera utzi eta defentsa siziliarreko dragoiaren bariantea jokatuz. Partida ostean espainiarrak guztiz prestatuta zeukan linea bat jokatu duela onartu du, aurretik esperotako berdinketa lortuz; Karjakin, artean, guztiz harrituta gelditu da eta horrelakorik ez zuela espero esan du. Shirovek partidako posizioa tratatzeko modua hobetu egin du, peoia sakrifikatu aurretik prestaketako jokaldiak eginez, horrela bere aurkariaren erregearen aurkako erasoa ahalbidetuz, baina hala ere partida berdinketan bukatu da.
Beste partidan, Aronianek Mosku bariantea errepikatu du Grishuken aurka, orain urte erdi Linaresen egin bezala. Aronianek peoi bat kalitatea sakrifikatu du eta horren ordainean bere piezentzat aktibitatea eta peoien egitura hobea lortu du. Grischuk oso ondo defendatu da eta posizio zail batera iritsi da partida. Aronianek izan duen ez-ohiko grina izan daiteke bere aurka jarri dena, Grischuk bere aurkariaren iniziatiba eusten eta garaitzen joan baita jokaldiak pasa ahala. Azkenean, denbora estuasunean, Aronianek bere iniziatiba galdu egin du, agian 10 jokaldi egiteko 10 minutu zituelako. Hala ere, hortik aurrera, eta 4 ordu eta erdiko partidaren ostean amore eman behar izan du eta Grishuk dugu 2009ko Maisuen Finaleko lehenengo liderra.